domingo, 5 de junio de 2011

Gabriel Aresti idazlea 1975. urteko ekainaren 5ean hil zen Bilbon

Bilbon 1933an jaio zenak, literaturarekin zerikusirik ez zuen lana behar zuen, idaztearen lanari lotzeko. Familia abertzale batean sortua, euskaldun berriaren ikurtzat hartu izan dena, 1957an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Presaka zebilen Gabriel, bere eskutitzetan, bere adierazpenetan, euskarak zituen premiak, ahalik lasterren konponbidean jarri behar zirela behin eta berriz gaztigatzen zigun Arestik.
Hasieran lapurteraz, ondoren bizkaiera batuaz, bere lanak irakur zitzaten nahi zuen. Aresti poetak, gehienak landutako lurra goldatzen ari ziren bitartean, haize berriak ekarri zizkion euskal literaturari, ezkerretik ekarri ere, herriaren ahotik hartua, herriaren belarriari emateko sortua. Maldan behera zihoanari, Harri eta herri, Harrizko herri hau eta beste eskaini zizkion, antzerkia landu, euskararen batasuna bultzatu, itzulpengintzan aritu... lan gehiegi lanbidez kontulari eta bihotzez kontalari zenarentzat.
Bizi zela, nolabaiteko onarpena jaso zuen, konparazio baterako, garai hartan bateraezinak ziren Ez Dok Amairu taldeak eta Oskorrik Arestiren lanak musikatu zituzten. Erabateko onarpena hil ondorengoa dugu.